Estalkia Ermua

+info

Estalkia Ermua

Erabilera anitzeko estalkia eta kioskoaren eraberritzea Ermuako Cardenal Orbe plazan.

Urtea: 2020

Kokapena: Ermua, Bizkaia

Arkitektoak: TAPER

Arkitekto teknikoa: José Ramón Álvarez del Palacio

Egituren ingeniaritza: Ingeniería Garuz

Sustatzaile: Ermuko Udala

Enpresa eraikitzailea: Ar-Goizargi

Argazkiak: Biderbost Photo

Cardenal Orbe plaza Ermuako Alde Zaharraren  erdigunean dago, hau da, herriaren bihotza eta bizi giro gunea da. Bertan aukera dago lagunekin zein senideekin elkartzeko, geldiune aldirako edota hainbat ekintza burutzeko. Gauzak horrela, Ermuako Plan Orokorraren jarraibideekin bat eginez, abian da Alde Zaharra birgaitzeko edo birsortzeko prozedura, alde batetik, hiri-lurzorua hobetzeko asmoz, eta, beste alde batetik, alderdi sozialak eta estetikoak sustatzeko.

 

Herri erdigunean espazio atertu bat izateko beharrizanagatik sortu da estalki berriaren proposamena. Modu horretan urte osoan zehar zenbait ekintza egin ahal dira, eguraldi txarra bada ere. Hala, estalkia plazaren elementu berria izango denez, haren diseinuak bat egin beharko du gaur egungo Kioskoarekin zein Frontoiarekin. Gainera, orubearen kokapenari dagokionez (aldapa mekanikoaren eta terrazen aldamenean), beharrezkoa da fluxu edo zirkulazio egokia bermatzea eta kontuan hartzea espazioa antolatzerako orduan.

 

Era berean, proposamenak ahalik eta iragazkortasunik handiena lortzea du helburu, horretarako, apropos aukeratu dira zutabe lerdenak, antzezlekuaren zein estalkia beraren kokapena eta geometria. Planteatzen den proiektuak inguruari egoki erantzuteko nahia du, harmonian, inbaditzailea izan ez dadin. Horregatik, gardentasuna eta arintasuna eskuratzeko materialak erabili dira eta, batez ere, estalkiaren formari eta geometriari berebiziko garrantzia eman zaio. Izan ere, estalkiaren tolesdura xumea eta dotorea dela-eta, perspektibatik ikusita aterpea dena baino txikiagoa dela dirudi, zati bat “desagertuta” edo ezkutatuta geratzen baita.

 

Horrez gain, plazako beste elementuekin bat egitea ere bilatzen du proposamenak hainbat keinuren bidez. Esate baterako, estalkiaren tolesdurak eta zutabeek oinan duten norabideak (ardatza apur bat biratuta) Kioskoarekiko erlazioa bermatzen dute. Gainera, Kioskoaren birgaitzerako erabilitako materialak eta diseinua estalkiaren antzekoak dira, bien arteko harremana eta harmonia indartuta.

 

Bestalde, Cantabria Zeharkaleko terrazak ere kontuan hartu dira. Hala, antzezlekuari forma ematerako orduan, planteatu da egunerokotasunerako hiri-altzaria izango balitz, hau da, terraza guneari bizkarra eman beharrean, piezak berak bat egiten du atzeko gunearekin, bertan jesartzeko eta egoteko aukera eskainita.

 

Estalkia tolesdura bakarra duen plano horizontal batek eratzen du. Aterpearen altuera, ordea, erabilerek zehazten dute, adibidez, antzezlekuaren gunean altxatu egiten da eta gaur egungo piezekin (Kioskoarekin, zuhaitzekin, etxebizitzekin…) harmonian eta proportzioan egoteko altuera egokitu da. Hala, plazan ahalik eta eraginik txikiena izateko eskala eta gardentasuna kontrolpean izan dira. Eraikuntza aldetik, aterpea diseinatzerakoan honako hauek kontuan hartu dira: estandarizazioa, industrializazioa eta ekonomia. Gainera, argiztapena eta megafonía ere arkitekturan barneratu dira.